
Nafarroak du Estatuko gizarteratze-ibilbideetan dauden pertsonen ehunekorik handiena
NUPek EINArekin batera egindako txosten baten ondorioen arabera, Nafarroako gizarteratze-enpresen eredua erreferentea da Estatu mailan, jarduera-aniztasunagatik, lurraldean duen ezarpenagatik eta gure komunitatearentzat aktibo ekonomikoa delako
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako txosten batek Nafarroako Gizarteratze Enpresen ereduaren indarra eta berezitasuna nabarmentzen ditu; izan ere, hazkunde handia izan du azken urteotan, eta erreferente bihurtu da Estatu mailan, Espainiako gizarteratze-ibilbideetan dauden pertsona guztien % 5 inguru biltzen baitu, bere biztanle-pisutik oso gora.
Txostena EINAk aurkeztu du, Nafarroako gizarteratze-enpresa guztiak ordezkatzen dituen eta ekimen hau sustatu duen elkarteak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (SNE-NL) zuzendari kudeatzaile María Esther Fernández Razquinekin eta Nafarroako Gobernuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresei Zerbitzuak Emateko Zerbitzuko zuzendari Eva Ontoriarekin egindako bileran.
Nafarroako Gizarteratze Enpresak beren historiako hazkunde-une handienetako bat izaten ari dira, eta gizarte-bazterketari aurre egiteko tresna estrategiko gisa finkatu dira. Hala ondorioztatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Kudeaketa Saileko eta Institute for Advanced Research in Business and Economics (INARBE) institutuko Cristina del Río, Ferdaous Zouaghi eta Teresa García Marco ikertzaileek egindako “Nafarroako Gizarteratze Enpresen Diagnostikoa eta Barne zein Kanpo Analisia” txostenak.
Azterlanak agerian uzten du Gizarteratze Enpresek lan-aukerak sortzen dituztela egoera ahulean dauden pertsonentzat, eta, horrez gain, Nafarroarentzako aktibo ekonomikoa ere badirela. 2018 eta 2024 artean, Balantze Sozialean parte hartzen duten enpresen kopurua 7tik 17ra igaro zen; enplegua, berriz, 352 pertsonatik 576ra hazi zen, eta gizarteratze-prozesuan dauden langileak 184tik 396ra igo ziren, hau da, % 115eko igoera. Aldi berean, fakturazioa ia hirukoiztu egin zen, 3,86 milioi eurotik 10,71 milioi eurora igaroz, eta horrek % 177ko hazkundea dakar.
Hala, txostenak administrazio publikoentzat zergen bidez eta gizarte-prestazioetako aurrezkiaren bidez sortutako itzulkin ekonomikoa nabarmentzen du; izan ere, gizarteratze-prozesuan dauden langileen % 72 gutxieneko errentei lotutako egoeretatik zetorren. Ildo horretan, Gizarteratze Enpresek aukerak zabaltzen dizkiete gutxieneko errentak jasotzen dituzten eta, laguntza egokiarekin, lan-merkatu arruntean pixkanaka sartzeko prest dauden eta sartu nahi duten pertsonei.
Hazten eta funtzionatzen duen eredu anitza
Nafarroako ereduaren gakoetako bat da enpresek hainbat sektore ekonomikotan garatzen dutela beren jarduera. Ohiko esparruei —hala nola garbiketa, lorezaintza, mantentze-lanak, cateringa, ostalaritza edo eraikuntza— ekonomia zirkularrari lotutako jarduerak gehitzen zaizkie (ehungintzako produktuak edo tresnak biltzea eta birziklatzea, adibidez), baita nekazaritza ekologikoa, zaintzak edo diseinu grafikoa ere, besteak beste.
Dibertsifikazio hori ereduaren indargune nagusietako bat da; izan ere, profil oso desberdinetara egokitutako lan-aukerak eskaintzeko eta merkatuaren benetako eskaerei erantzuteko aukera ematen du, jarduera ekonomikoa eta gizarteratzea uztartuz.
Bestalde, txostenak Nafarroako ereduaren beste ezaugarri bereizgarri bat identifikatzen du: lurraldean duen ezarpen sendoa.
2020az geroztik, Gizarteratze Enpresen kopurua ia bikoiztu egin da, eta hazkunde horren zati handi bat hirigune handietatik kanpo gertatu da. Hala, Nafarroako Gizarteratze Enpresen % 40 inguru 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan daude; Euskadin % 10 dira, Galizian % 8,3, Katalunian % 1,6, eta beste lurralde batzuetan landa-eremuko gizarteratze-enpresarik ia ez dago. Gainera, landa-eremuko enpresa horietatik lautik hiru 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan aritzen dira.
Azterlanak azpimarratzen duenez, lurralde-ezarpen handi horrek enplegu- eta inklusio-agente bihurtzen ditu Gizarteratze Enpresak biztanle-dentsitate txikiagoa eta despopulatzeko arrisku handiagoa duten lurraldeetan ere.
Nafarroako paradoxa
Azterlanaren aurkikuntza nagusietako bat “Nafarroako paradoxa” deritzona da. Nafarroak Espainiako langabezia-tasarik txikiena duen arren, pobrezia- eta gizarte-bazterkeria arriskua handitu egin da azken urteotan. AROPE tasa —pobrezia eta gizarte-bazterkeria neurtzeko Europako adierazle nagusia— 2022ko % 14,5etik 2024ko % 18,3ra igaro zen, hau da, 26.000 pertsona gehiago daude pobrezia- edo bazterkeria-arriskuan. Gainera, emakumeak dira Nafarroan erregistratutako langabeziaren % 60,72.
Txostenaren ondorioen arabera, hazkunde ekonomikoak eta enplegua sortzeak, berez, ez dute gizarteratzea bermatzen. Lan-pobreziak, etxebizitzaren garestitzeak eta kolektibo jakin batzuek adina, jatorria, hezkuntza-maila, generoa edo iraupen luzeko langabezia bezalako faktoreengatik dituzten dificultateek lan-merkatu arruntak bere kabuz konpondu ezin dituen bazterkeria-egoerak sortzen dituzte.
Ikertzaileek nabarmendu dutenez, hor betetzen dute Gizarteratze Enpresek paper estrategikoa, gizarteratzeko oztopo handienak dituzten pertsonei lana lortzea errazten dieten ibilbide pertsonalizatuak eskainiz. Testuinguru horretan, EINAk Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin (SNE-NL) lankidetzan jarduten du, Nafarroako 2025-2028 Enplegu Planaren garapenean laguntzeko asistentzia tekniko baten bidez.
Txosten osoa hemen kontsulta daiteke: https://www.einavarra.org/wp-content/uploads/2026/07/Informe-diag-EIS-navarra.pdf






