Tlf. 689 917 693  /  E-mail. info@einavarra.org

Zer da gizarte ekonomia?

Zer da gizarte ekonomia?

Gizarte Ekonomia enpresa bertze era batera ikusteko modua da, eta haren motor nagusia ez da finantza arloko errentagarritasuna, gizarte osorako onurak baizik. Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legearen bigarren artikuluak honela definitzen du Gizarte Ekonomia: “Printzipio bideratzaile batzuekin bat etorriz, ekonomiaren edo gizartearen interes orokorra, edo biak, bilatzen dituzten erakundeek esparru pribatuan aurrera daramatzaten ekonomia eta enpresa arloko jardueren multzoa”.

Gizarte Ekonomiako erakundeek printzipio orientatzaile hauen arabera jarduten dute, beraien definizioa kontuan izanik:

Jarduera horren onuradunak pertsonen kolektibo generikoak izan ohi dira: erabiltzaileak, kontsumitzaileak, profesionalak, hornitzaileak, langileak, langabeak, ezinduak eta abar (ez inbertitzaileak).

Batzuetan, onuradunak enpresaren jabeak ere badira (kooperatibak, mutualitateak, lan-sozietateak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak, etab.), eta bertze batzuetan, berriz, ez da kointzidentzia hori ematen edo, gutxienez, ez da nahitaez ematen (elkarteak, fundazioak, gizarteratze eta laneratze enpresak, enplegurako zentro bereziak, etab.). Baina ez dira eredu kontrajarriak; izan ere, lehenbiziko kasuan, erakundeak bete nahi duen premia bera partekatzen duen orok erraztasunez eskuratu ahal izan behar du elkartekide izaera eta hark ematen dituen zerbitzuak baliatu. Ezaugarri hori bat dator Gizarte Ekonomiako erakundeen borondatezko atxikimendu irekiaren printzipioarekin, eta haien izaera solidarioa islatzen du. Gainera, beren kide erabiltzaileei lehentasunez arreta ematen dieten Gizarte Ekonomiako erakundeek berezkoa dute beren komunitatearen interesez edo interes orokorrez ere arduratzea. Horregatik, esan ohi da Gizarte Ekonomiako erakundeek interes orokorra bilatzen dutela soilik, bai zuzenean, bai kide erabiltzaileen interesekin batera, eta hori Gizarte Ekonomiaren printzipioetako bat da.

Gizarte ekonomiari buruzko lege horrek gizarte ekonomia osatzen duten antolaketa ereduak aipatzen ditu, eta horien artean daude gizarteratze eta laneratze enpresak: kooperatibak, mutualitateak, jarduera ekonomikoa gauzatzen duten fundazioak eta elkarteak, lan-sozietateak, enplegurako zentro bereziak, arrantzaleen kofradiak eta eraldaketarako nekazaritza elkarteak.

Gizarteratze eta laneratze enpresak Gizarte Ekonomiaren esparruan

Gizarteratze eta Laneratze Enpresak (GLE) bazterketa arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko xedea duten merkataritza sozietateak dira, eta, horregatik, gizarte ekonomiaren parte dira, eta hura aplikatzeko tresnatzat kalifikaturik daude. Gizarteratze eta laneratze enpresek gizartearen interes orokorra bilatzen dute, zuzenean edo kide erabiltzaileen interes kolektiboarekin batera.

Gizarteratze enpresak eraginkortasun aintzatetsia duten gizarte ekonomiaren eredu dira, lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko. Tresna garrantzitsua dira enplegu politika aktiboak praktikan jartzeko; izan ere, modu autonomoan eta ekonomikoaren ikuspegitik bideragarrian, prestakuntza, enplegu eta gizarteratze eta laneratze ibilbide pertsonalizatuak eskaintzen dizkiete gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonei. 5/2011 Legeak adierazten duenez, laneratze enpresak honela definitzen dira: “Merkataritza motako ikasketa egiturak. Haien helburua egoera ahulean dauden kolektiboei enplegua lortzeko aukera ematea da, produkzio jarduera bat aurrera eramanez; horretarako, laneratze prozesu bat diseinatzen da, eta prozesu horretan lan harreman konbentzionala ezartzen da”. Horien lantaldean, laneratzen ari diren kolektiboek %30 eta %50 arteko ehunekoa izan behar dute. Emaitzen %80 enpresan inbertitzen da berriro.

Gizarteratze eta Laneratze Enpresek gizarteari begira egiten duten zerbitzuaren izaera dela eta, Nafarroako administrazio publiko guztiek beren kontratuen %6 irabazi asmorik gabeko enplegurako zentro berezietarako eta gizarteratzeko eta laneratzeko enpresetarako erreserbatu behar dute (Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea). Gainera, foru lege horren mende dauden erakunde guztiek, ekitaldi bakoitzean esleitzea aurreikusten duten kontratuen %6a erreserbatzeko baldintzak finkatu eta argitaratu beharko dituzte, eta aldez aurretik aztertu beharko dute lotetan zatituz erreserbatzeko aukera. Ezinezkoa dela aurreikusten bada, erreserba horien berezko helburuak lortzeko alternatibak ezarri beharko dituzte.